KOMUNIKATZEKO TREBETASUNAK
TALDE LANA
IZASKUN ASIN.
NAIA AZPARREN.
BEATRIZ BAIONA.
IKER BARBER.
IRUNE BAYANO.
ANNE BERNARTE.
AURKIBIDEA
Sarrera…………………………………………………………….…2
Artikuluen laburpena eta ideia nagusiak ……………………………3-9
Argudiaketa ……………………………………………………...10-11
Ondorioak………………………………………………………...12-13
Bibliografia ………………………………………………………....14
SARRERA
Talde lana egiteko, BERRIA egunkariko euskararen inguruko hamaika iritzi-artikulu irakurri ditugu, helburua Euskal Herrian euskarak duen egoeraz hausnartzea dena. Adituak honakoak dira: Iñaki Martinez de Luna, Aines Dufau, Pello Jauregi, Olatz Altuna, Mikel Zalbide, Esti Amorrortu, Joxe Manuel Odriozola, Itziar Idiazabal, Jon Sarasua, Paula Kasares eta Kike Amonarriz.
Lana hiru ataletan sailkatu dugu: artikuluen laburpena edo ideia nagusiak, argudiaketa eta ondorioak. Hasteko, gure artean, eztabaidatu eta gero, bakoitzaren ideia nagusiak jaso ditugu. Autore askok antzeko gaiak jorratu dituzte, nahiz eta bakoitzak ikuspegi bat izan. Eleaniztazuna, diskurtsoa, eskola, familia eta politika dira, besteak beste, jorratzen diren gai nagusiak dira, eta gure iritzia honetan oinarrituta egonen da, argudiaketa atalean ikus dezakegunez. Azkenik, artikuluetatik jaso ditugun datuekin ondorioak osatu ditugu. Orokorrean ideiekin bat gatoz, gu geu egoera honen lekuko garelako.
ARTIKULUEN LABURPENA ETA IDEIA NAGUSIAK
1.ARTIKULUA (Euskararen hauspo berria. Iñaki Mtez. de Luna- Berria(2014-7-29))
Artikulu honetan Iñaki M. de Lunaren hiru kezkak nabarmenduko ditugu. Alde batetik, abertzale ez diren sektoreei euskara erakartzeko zailtasunak daude, betidanik euskararen aldeko mezua oinarri abertzalea izan duelako. Hori dela eta, muga hau gainditzeko, diskurtso berria sortu behar da, orain arte izandakoa osatzeko, eta sektore guztietara ailegatzeko. Horretarako, berbaldia despolitizatu beharko litzateke eta alderdi politikoek euskararen alde egin. Hau lortzeko, Euskalgintza dugu: euskararen mesedetan lan egiten duena, eta ez alderdi politikoen alde.
Bestalde, euskararen erabilera dugu. Askok hizkuntza hau maite arren, egunerokotasunean ez dute erabiltzen. Honi aurre egiteko, BERRIA bezalako egunkariek kezka deia egin beharrean — frustrazioa ekartzen duelako — gazteria motibatu beharko lukete.
Azkeneko kezka euskarak etorkinengan duen eragin eza da, askotan euskararekiko ezjakintasuna dutelako. Hori dela eta, hau ekiditeko, inmigranteen erakundeekin lan egin beharko litzateke, euskara gizartean integratzeko, eta honen ezagutza etorkinek izateko.
2. ARTIKULUA (Euskararen hauspo berria. Aines Dufau-Berria (2014-7-30))
Aines Dufauk bere testuan aipatzen duen bezala, iparraldean gurasoek beraien seme-alabak hizkuntza bat baino gehiagotan ikasteko, eta kulturalki integratzeko, D ereduan inskribatzen dituzte. Hala eta guztiz ere, euskaraz hasten diren umeen %40tik, soilik %10ak ikasketak D ereduan bukatzen ditu. Honen kausa umeak oinarrizko mailara ez ailegatzea da, izan ere, lehen hezkuntzan A2 espero den maila izan arren, gutxitan eskuratzen dutena da. Honen arrazoietako bat irakasleen hizkuntza saileko prestakuntza eza da. Gainera, gehienbat klaseak teorikoak izanik, ikasleen euskararekiko erabilera ez da sustatzen. Horrenbestez, autore honen ustez, gurasoen, haurren eta ikastolen arteko erlazioa indartu behar da, haurrek behar duten laguntza eta motibazioa lortzeko.
Gainera, Euskal hezkuntza ereduan aritu arren, euskara bigarren mintzairatzat daukate, kalean gutxitan aditu dezakegun hizkuntza izanik. Horrenbestez, jendea eta euskararen arteko erlazioa indartu beharra dago.
3. ARTIKULUA (Euskararen hauspo berria. Pello Jauregi-Berria (2014-7-31))
Pello Jauregiren hitzetan, gizarte bat euskalduntzeko hezkuntza, eta gurasoen beharra dugu. Horretarako, metodologia aldatu beharko litzateke, haurrak direnean klaseak dinamikoak izatetik, gaztaroan teorikoak izatera pasatzen direlako. Hau da, hizkuntza hitz egiteko gaitasun gehiago dutenean erabilera lantzeko ekintza gutxiago egiten dira. Bestetik, gurasoen beharra dugu. Hauek seme-alabei euskaraz egiten baldin badiete, eskolatik kanpo normaltasunez hitz egiteko joera izanen dute. Baina horretarako, hauen iniziatiba sustatu behar da.
Bestalde, hizkuntza asimetrikoa proposatzen du. Hau da, euskaraz ulertzen duenari euskaraz hitz egitea, nahiz eta honek erdaraz erantzun.
Azkenik, Iñaki M. de Lunarekin bat etorriz, diskurtsoaren aldaketa proposatzen du, baina modu pertsonalizatuan, inguru bakoitzari egokituta, alegia.
4. ARTIKULUA (Euskararen hauspo berria. Olatz Altuna -Berria (2014-8-1))
Olatz Altuaren ustetan, azken hamarkadetan euskararen inguruko aurrerapausoak lortu arren, erabilerari dagokionez, oraingoa geldialdia izan daiteke, kaleko datuei erreparatuz 2000. urtetik aurrera igoera eten delako.
Erabilera honen jaitsiera azaltzeko, Pello jauregi eta Aines Dufauekin bat etorriz, etxearen garrantzia azpimarratzen du, izan ere, hauetan euskara mintzatzen ez bada, kalean egiteko probabilitatea jaisten da. Gaur egun etxe mistoak hazi dira (gurasoetako bat euskalduna eta bestea ez), euskaraz etxean aritzeko ohitura, eta horrenbestez, kalean aritzekoa txikiagotuz.
Euskal komunitateak aztertuz, Gasteizko hainbat auzotan bikote gazte eta umeen presentzia nagusitzean, euskararen erabilera handiagotzen dela antzematen da. Bilbok, Bizkaian eragin handia duen hiriak, jaitsiera izan du, eta Nafarroak ez du hobekuntzarik izan. Iparraldean, aldiz, gazte elebidunak eta hauen euskarekiko erabilera igo egin da, nahiz eta gainerako komunitateekin alderatuz euskaldun berrien kopurua txikiagoa izan. Azkenik, Gipuzkoa dugu, datu onenak dituena.
5. ARTIKULUA Euskararen hauspo berria. Mikel Zalbide (Berria, 2014-8-2,6))
Mikel Zalbide hezkuntzak izandako bilakaera historikoarekin hasiko da. XIX. mendean eskolak haurren ongizatea ekarriko zuen filosofiatzat zuten. XX. mendean gizarte desorekaren konpontzailea, eta 1960ko hamarkadan erdarak irabazitako lurraldeak euskalduntzeko tresnatzat kontsideratu zuten.
Gaur egun, euskararen egoera hobetu da, izan ere, euskaraz zekiten irakasleak %5a izatetik %85era igo, eta ikasmaterialik ez izatetik, 18.000 titulutik gora izatera pasa gara. Gainera D eredua nabarmenki hazi da. Hala ere, erabileraren garapena ez da gauzatu. Neska-mutilek, batez ere eskolatik kanpo, – euskara eskolarekin lotzeagatik — adin batetik aurrera erdaraz hitz egiteko joera dute, elebidun orekatik urrunduz.
Hori dela eta, eskolak euskararen jarraipenean garrantzi handia izan arren, ezin ditu arazo guztiak konpondu. Nahiz eta orain arteko hizkuntzaren normalkuntza, eta kualitatiboki egoera hobetu dituen, eskolatik kanpoko egoerari aurre egiteko gaitasunik ez du
Azkenik, arnasgune kontzeptua dugu. Honen helburua euskara indarberritzea da, hizkuntza hau erabiltzen diren eremuak babestuz, eta horrela neurri handi batean honen jarraipena ziurtatuz.
6. ARTIKULUA (Euskararen hauspo berria. Esti Amorrortu-Berria (2014-8-3))
Esti Amorrortuk nabarmentzen duen ideia, zera da, erdaldunek zein euskaldunek euskararen aldeko ahalegina egin beharko luketela. Batzuek ez dute euskararekiko inolako erlaziorik, horrenbestez, hizkuntza hau ikasteko beharrik ez dute sentitzen. Horregatik, guk euskara presente egin beharko genuke, izan ere, erdaraz beti hitz egitean, haiei moldatzen gara, euskara gutxituz.
Egia da, euskara errespetua lortu duen hizkuntza dela, non erdaldun askok haurrak D ereduan eskolatu dituzten. Hori dela eta, hizkuntza hau gero eta indar gehiago izateko, gurasoak euskal mundura hurbildu behar ditugu. Izan ere, gaurko arazoa gurasoen euskaraz aritzeko gaitasun eza da, haurrak gazteak izatean, gaztelaniara igarotzen direlako.
Azkenik, hizkuntza alternantziaren bidea proposatzen da, hau da, hiru hizkuntza ikastea (ingelesa, gaztelera eta euskara), baina ez maila berean, euskarari babes gehiago eman behar zaiolako, indartsua ez den hizkuntza baita. Azken ideia hau -- euskara indartsua ez dela -- ikusarazi behar den ideia da, euskaldunen artean ere bai.
7.ARTIKULUA (Euskararen hauspo berria. Joxe Manuel Odriozola-Berria (2014-8-5))
Jose Manuel Ordiozolaren esanetan, euskararen arazoa ez da honen jatorria, baizik eta iraupena. Azken ideia hau gure eskuetan dagoen gauza da, – nahiz eta oztopo legalak eta formalak izan — euskara hizkuntza minorizatua izanik, etorkizunera begira mantentzeko edo galtzeko arriskua dugulako.
Bestetik, komunikabideak euskara normalizatzeko, eta honekin erlazioa ez dutenengana hurbiltzeko oztopoak dira, izan ere, gehienak erdaldunak dira, eta ez direnen artean, gutxik euskaraz eEe egiten dute. Hori dela eta, gehiengoak hitz egiten duen hizkuntza nagusitzen da, besteak baztertuz, esaterako, euskara. Hizkuntza hau oso zapalduta dago, eta egoera honetaz konturatzen direnak gutxi dira, baita konponbidea garaiz jartzen dutenek ere.
Hala ere, baliabide gutxi ditugu, horietako bat euskalgintza politika ofiziala ez izatea dena. Diskriminazio honen aurrean, berdintasunaren printzipioa alde batera uzten da, guztia batzen duen politika integrala lortu arte.
8.ARTIKULUA (Euskararen hauspo berria. Itziar Idiazabal-Berria (2014-8-6))
Itziar Idiazabal, Esti Amorrortu ez bezala, Euskal Herrian hizkuntza aniztasunaren ondorioz, euskara gutxiagotzearen beldur da. Hala ere – ideia kontrajarria kontsideratu dezakeguna – jendea eleanitza izatea beharrezkoa ikusten du. Gainera, politika ofizialak aniztasunaren alde daude, nahiz eta hizkuntza minorizatuak babesteko laguntzarik ez eman.
Bukatzeko, azken berrogeita hamar urtetan egondako hobekuntzak nabarmentzekoak dira. Nolanahi ere, gaur egun euskararen mantsotzea arazo larria da, eta horrenbestez hobetu beharrekoa.
9.ARTIKULUA (Euskararen hauspo berria. Jon Sarasua-Berria (2014-8-7, 8))
Jon Sarasuaren arabera, beste estrategia batzuk martxan jarri ahal dira. Horretarako, diskurtso aldaketa behar da, aurreko garaiko oinarriak mantenduz, eta osagai kultural, politiko eta sozialak txertatuz.
Autore honen arabera, eta aurretik ikusitakoekin kontrajarriz, euskalgintzak alde euskaldunaren alde jartzen dela dio, hau da, ez dela neutroa. Horregatik, hau ekiditeko euskararen zoru komuna eraikitzea proposatzen du.
Bukatzeko, euskarak izandako bilakera ontzat hartzen du, baina hobetu, eta gaur egungo egoerari egokitu behar da. Motibazioa sustatu eta dimentsio kuantitabioa ahaztu gabe, kualitatiboari garrantzi gehiago eman behar zaio.
10.ARTIKULUA (Euskararen hauspo berria. Paula Kasares-Berria (2014-8-8))
Paula Kasares filologoa Nafarroako euskararen egoeraz kezkatuta dago. Izan ere, komunitate honen talde euskaldunenak, gazteriak, erabilera tasarik txikiena du. Euskararen iraupena gizarteak izandako atxikimenduari esker izan da, euskalgintza --hainbat lorpen lortu dituena-- eta hezkuntzaren laguntzarekin. Hala ere, aurreko autoreekin bat etorriz, hizkuntza baten erabilera gauzatzeko, familian eta egunerokotasunean jorratu beharko litzateke, era natural batean umeek barnera dezaten.
Hala ere, helburu hori lortzeko dauden traba politikoak begi bistakoak dira. Alde batetik, PSN eta UPN ditugu, Nafarroa bi eremutan zatitu dutenek: eremu euskalduna eta erdalduna. Historia alde batera utziz, eta beraien interesen arabera jokatuz, gaztelania indartu egin dute. Hori dela eta, arazo hau konpontzeko, euskararen legea errotik aldatu beharko litzateke. Horretarako, parlamentuaren 26 eserlekuen aldeko botoak lortu beharko lirateke, gauza zaila, UPN, PSN eta ezkerreko etiketa duten alderdi batzuen laguntzarik gabe.
11.ARTIKULUA (Euskararen haize berriak (XI). Kike Amonarriz-Berria (2014-8-9, 10))
Kike Amonarriz soziolinguistak belaunaldiz belaunaldi euskararen helburua aldatzen doala dio. Duela hogeita hamar urte, helburua hizkuntza honen ezagupena lortzea zen, orain, berriz, erabileraren jauzia da.
Paradigma hau lortzeko, euskalgintzaren barruko jarrerak, harremanak, eta diskurtsoak berritu behar dira euskal komunitatea trinkotzeko, eta erdalduna euskalduntzeko. Iñaki M. de Lunak dioen bezala, abertzaleen eta ez-abertzaleen arteko ezberdintasunek asko urrundu dituzte erdaldunak euskal mundutik. Hori dela eta, erakundeek eta gizarteak aldaketa honen gidaritza hartu beharko lukete, euskarazko programazio eta ekintzak sustatzeko, eta gizartean, guraso-elkarte, familia eta eskolaren harremanak indartzeko.
Azkenik, 5.artikuluan Mikel Zalbidek erabilitako kontzeptuaz hitz egiten du, arnaguneetaz, hain zuzen ere. Hauek euskara indarrean duten lekuak dira, herri txikiak gehienbat. Ondorioz, gune erreferentzialak izan beharko lirateke, herri txikietatik hirietara euskara zabaltzeko, eta horrela, honen erabilera indartzeko.
ARGUDIAKETA
Atal hau lantzeko artikuluetan errepikatutako edo zerikusiak duten ideiak nabarmenduko ditugu, hauekin batera gure iritziak txertatuz.
Lehenik eta behin, artikulu batzuen arabera, euskararen diskurtsoa aldatu behar da, oinarri abertzaleak alde batera utziz. Gu honen alde gaude, izan ere, euskara sektore sozial guztietara ailegatzea nahi baldin badugu, oinarri politikoetatik aldendu beharko dugu. Esaterako, Katalunian, bai independentistek bai nazionalistek beraien hizkuntza dakite, katalana, alegia. Horrenbestez, euskara etxe eta txoko guztietara ailegatzeko, eta gizarteak bigarren hizkuntzatzat ez hartzeko, diskurtsoaren aldaketa egin beharko genuke. Hala eta guztiz ere, ezin dugu ukatu indar abertzaleak lortutako aurrerapenak, eta hauei esker gaur egun euskararen normalizazioa eta jarraipena lortu dugula.
Honen haritik, sektore erdalduna eta etorkinak ditugu. Horietako askok ez dute inolako erlaziorik euskararekin, beraien inguruan ez baitute hizkuntza hau erabiltzeko beharrik. Hori dela eta, euskara era naturalean – kalean, telebistan, eta erakunde publikoetan — txertatuz gero, hizkuntza honen presentzia nabarituko lukete.
Nolanahi ere, euskara ez ezagutzea ez da gaur egungo arazo bakarra, betidanik zailtasunak izan dituen hizkuntza baita. Frankoren garaian euskara debekatu egin zen, eta honen ondorioz familiek ezkutuan, hala nola, etxeetan ele egiten zuten. Hizkuntza honen aldeko borrokaren partaide bat eskola izan zen. Honi eske,r umeek euskara ikasteko eskubidea izan zuten, era natural batean gizartean txertatuz. Ostera, aurrerapenak egon arren, honen erabilera ez da lortu. Egia da, gero eta jende gehiago euskara dakiela, baina nork erabiltzen du egunerokotasunean? Gaur egun arazo larriena horixe da, euskararen erabilera eza, hain zuzen ere. Hori dela eta, diskurtsoa eta eskola indartzeaz gain, laguntza politikoak behar ditugu.
Beraz, udaletxeek euskaraz ekintza eta jarduera gehiago jarri beharko lituzkete. Izan ere, noiz joan zara gimnasiora edo igeriketara, eta monitoreek euskaraz hitz egin? Honekin esan nahi dugu errotik egitura guztiak aldatu behar direla, normalizazioaren bidea gauzatzeko, eta horrela, umeek hizkuntza hau modu naturalean ikusteko, eta ez eskolak inposatutako hizkuntzatzat. Bestetik, eskola eta gurasoen erlazioa indartu beharko lirateke, euskararen erabilera bultzatzeko baliabide onena familia delako. Etxean euskaraz aritzen den umea, kalean berba egiteko erraztasun eta probabilitate gehiago izanen ditu.
Beste aldetik, arnasguneak aipatzen dira BERRIA egunkariko hainbat artikuluetan. Hauetan erabilera nahiko txarto egon arren, euskaldun peto-petoak edo hizkuntza hau indarrean dauden eremuak ditugu, gehienak herri txikiak direnak. Hauen proposamena herri txikiak indartuz, pixkanaka-pixkanaka Euskal Herri guztia euskalduntzea da. Hortaz, herrietatik hirietara euskara zabaltzeko proposamena da. Honekin bat etorriz, ideia interesgarria eta aproposa iruditzen zaigu. Izan ere, herri txikia euskalduntzea, edo euskararekiko elkartasuna izatea errazagoa da, Bilbo bezalako hirian baino. Adibide bat jarriz, Iruñea aipatuko dugu. Azken finean, hiri honen inguruko herrietan, erraterako, Lekunberri, euskararekiko erlazio handiagoa dute Iruñearekin konparatuz.
Gure aburuz, euskarak bilakaera izan du. Izan ere, herri zapaldua izatetik, herri libre eta gure hizkuntzan aritzeko eskubidea lortu dugu. Dena den, lehen aipatu bezala erabileraren arazoa dugu. Paradoxa itxura da gurea: hasieran hizkuntza zapaldua genuenean hiztun dezente zeuden. Orain, berriz, legalki berba egiteko eskubidea dugula, mintzatzaile gutxi daude.
Estatu mailan, euskarak hobekuntzak izan ditu, eta hizkuntza legalalizatzea lortu dugu. Hala ere, Europa mailan eleaniztasunaren alde egon arren, hizkuntza minoritarioak (euskara haien artean) ez dira babesten,hauen gutxiespenak sortuz.
ONDORIOAK
Euskararen inguruko arazoak eta egoera aztertuta, badakigu euskara ikastera animatzen direnak gero eta gehiago direla. Arrazoiak anitzak dira: kulturan integratzea, lana aurkitzeko probabilitate gehiago izatea... Baina gure kezka hizkuntza honen erabilera eta etorkizuna da. Izan ere, irakurritako eta interneten aurkitutako albisteen arabera, euskararen erabilera aldaketa gutxi izan ditu. Hurrengo grafikoetan ikus dezakegun bezala:
Gero eta gehiago gara D ereduan ikasi dugunok, baina gutxik, berriz, euskaraz mintzatzen garenok. Egia da, Euskal Herri osoan ez dela euskara berdin erabiltzen. Esaterako, Gipuzkoa euskaldun petoa dela esan dezakegu, Nafarroa ez bezala. Horrenbestez, egoera hau ikusita , eta desoreka honi aurre egiteko, ondorengo proposamenak planteatuko ditugu.
Alde batetik, oinarrizko izen-aldaketak egin beharko genituzke, esaterako, tabernen edota lokalen izenak euskaraz nahiz erdaraz idaztea. Horrela, erdaldunengan hurbiltzeko aukera izango genuke, hauei euskara presente dagoela ikusaraziz.
Bigarrenik, eskola dugu, euskaran indar handia izan duen eta izan dezakeen mugimendua. Honek gurasoak euskaraz hitz egitera animatu beharko lituzke, hizkuntza honen garrantzia erakutsiz. Hau errazteko, klase-orduetatik kanpo euskarazko klaseak sustatu beharko lirateke, gaur egun hainbat eskoletan egiten den bezala. Bestetik, irakasleek ikasleak ahozkoak egitera bultzatu beharko lituzkete, askotan honen inguruko arazoak daudelako. Hezkuntza sistemarekin amaituz, gure azkeneko proposamena ateraldi gehiago egitea da, era naturalean haurrek eskolatik kanpo euskaraz hitz egin dezaketela adierazteko.
Bestetik, udaletxeen laguntza behar dugu. Hauek euskara bultzatzeko eta gizartean txertatzeko tresna indartsua baitira. Adibide bat Nafarroako Unibertsitate Publikoa da. Honek ez du klase-kanpoko euskara ekintzarik eskaintzen, gainera, kafetegira edo liburutegira joan ezkero, euskaraz dakien norbait ez dugu aurkituko. Hori dela eta, udaletxeek honako arazoak konpondu beharko lituzkete. Bestetik, Kataluniako eredua hartuz, euskarazko klaseak (dohain) sustatzea aproposa iruditzen zaigu, klase sozial guztiengana ailegatzeko beste modu bat delako.
Azkenik, euskaldun berriak anitz garrantzitsuak iruditzen zaizkigu, beraien borondatez, gure hizkuntza ikastera animatu diren pertsona oro direlako. Aurtengo euskararen egunean euskal instituzio autonomikoak esan zuen bezala: aldatzen eta egokitzen ez den hizkuntza ahultzen den hizkuntza baita. Euskaldun berriak berritu egin dira, eta beren ikusmena handitu dute euskarari esker, eta euskarak ere berritu eta handitu egin da euskaldun berriei esker. Hauek euskararen taupada dira, horregatik ikasi ondoren erabiltzera animatu behar ditugu, pixkanaka-pixkanaka euskara txoko guztietara ailegatzeko.
Honekin guztiarekin, euskarak gugan duen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Gaur egungo gazte askok erdaraz, ingelesez edo euskaraz biziko dira. Baina azken honen garrantzia berezia da, gure eskuetan baitago bere etorkizuna. Artikulu hauen bidez, hizkuntzak dituen gabeziaz ohartu gara. Erromatarrak baino lehenagoko hizkuntza da, gure arbasoei esker bizi izan dena. Horrenbestez, etorkizunaren giltza dugu guk, euskararen atea zabaltzeko edo ixteko giltza, hain zuzen ere.
BIBLIOGRAFIA
| ||||
Diario Vasco. (2015). Euskararen eguna, euskaldun berrien omenez.URL:
Ehu.eus. (2015). Euskararen egoera gizartean. URL:
Eitb.eus (2015). Homenaje a los euskaldunberris en el dia del euskera. URL:
Eitb.eus (2015). Tribuaren Berbak. URL:
Erabili,eus (2015). Gazte hizkeraren egungo egoera eta garrantzia. URL:
Etxalar.eus (2001). Euskararen erabilera. URL:
Euskadi.net (2015). Euskara. URL:
Euskaltzaindia.eus.(2014). Euskal Herriko hiriburuetako bilakaera soziolinguistikoa. URL:
Euskarabidea.(2008). Euskararen egoera Nafarroan. URL:
http://www.euskarabidea.es/fitxategiak/dokumentuak/testuak/situacion-euskera-euskera-castellano1.pdf
Hiru.eus (2015). La situación social del euskera. URL:
Lizarbeibar (2015). Etorkizuna euskaraz da: Lizarra, Gares, Lodosa eta eskualdeko eragileen prentsaurrera euskaltegira animatzen. URL:
No hay comentarios:
Publicar un comentario